Lehen-lehenik herritar denak eskertu eta zoriondu nahi ditugu prozesu osoan jasotako laguntza eta babesagatik. Hasieratik genion herria bera aterako zela garaile eta hala izan dela uste dugu. Beraz ezer baino lehen, benetan ZORIONAK ETXARRI!
Balorazio zehatzago batean sartuz bost ataletan banatu ditugu gure ondorioak.
Lehenik %42,76ko parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Horretarako galdeketako emaitzak beste datu eta adibide batzuekin konparatu besterik ez dago bere garrantziaz ohartarazteko. Adibidez, 2005eko Europako Konstituzioaren inguruko erreferendumean parte hartze txikiagoa izan zen, 808 herritarrek parte hartu zuten orduan, UPNk zentsoaren %24rekin agintzen du Nafarroan, PSNk zentsoaren %11ren babesa du Nafarroan, PPk Etxarrin %8,65ko babesa du… Horiek guztiak errespetagarri eta kontuan hartzekoak badira, zergatik ez zentsoaren %42,76 lortu duen kontsulta?
Gainera %42,76 lortu da Nafarroako fiskaltzak bere mamuak eta presioak hedatu dituen arren (CANeko ustelkeriaren aurrean itsu dagoen fiskaltza bera). Eta ez ahaztu Guardia Zibilak ikerketa martxan izan zuela momentu oro. Are gehiago, %42,76 lortu da galdeketa baino egun batzuk lehenago Nafar Gobernuak kontsulta legez kanpokoa zela zabaldu ondoren.
Bigarrenik, berme guztiekin eman den bozketa/galdeketa/erreferemduma izan dela nabarmendu nahi dugu, sistema informatiko bat asmatuz zentsoa ezin zelako erabili, aurretiko bozka berme guztiekin eginez, kontaketan eta egun osoan herriko, Euskal Herriko eta nazioarteko ikuskarien lana ziurtatuz.
Hirugarrenik nabarmendu nahi dugu zalantzarik gabe oztopoz beteriko ibilbidea izan dela: ezin genuen eraikin publikorik erabili, ezin genuen zentsoa erabili, dirua lortu behar izan dugu gastuei aurre egiteko (komunikazio euskarri ezberdinak, abestiaren grabazioa, papeletak, gutunazalak, diptikoak, egitarauari dagokion gastu haundia), presioa mediatikoa (Confidencial, Diario de Navarra, COPE…) zein bestelakoa (Nafarroako Fiskaltza, Nafar Gobernua, Guardia Zibila)… eta azkenik txaloak ondoren etorri diren arren herritarrok erabaki genuen herri galdeketa egitea inongo alderdi politiko zein eragileren babesik gabe.
Baina lorpenek oso zapore ona utzi dute herrian. Horretan ez dugu zalantzarik: Euskal Herrian independentziaren inguruan egin den lehen galdeketa gauzatzea lortu dugu, erabakitzeko eskubidearen gizarteratzea, herri galdeketa ariketa demokratiko gisa demokraziaren festa bihurtzea, 851 pertsonak bozkatzea, apirilaren 13an 200 boluntario baino gehiagok txanda eta ardura ezberdinetan lan egitea, osotara 32 komunikabide eta 54 kazetari akreditatu izana galdeketa jarraipena egiteko, besteak beste informazio agentzia alemaniarra, flandiarrak, katalanak zein Estatu mailako telebista kate gehienak, Etxarriko galdeketak mundu zabalean ere oihartzuna izatea (Errusian, Indonesian, Euskal Diasporan…), Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek euren iritzia ematea Etxarriko herri galdeketaren inguruan, 50 herritar herri batzarretan agertzea, hitzaldi-eztabaida ezberdinetan 70 lagun biltzea, buzoneo ezberdinetan milaka paper banatzea 1000 etxebizitzetan. Zientoka kartel, watsap, posta elektroniko… sarean zabaltzea, 5 elkartetako juntekin bilerak egitea eta modu batez edo bestez 200 bazkideei ekimenaren berri ematea, Gazte Asanbladan aurkezpena egitea (30 gazte), Lizarrengon bi batzar informatibo egitea (20 herritar), egitarauaren aurkezpenean herriko plazan 100dik gora herritar biltzea, Kataluniako jendearekin herri bazkaria egitea (45 pertsona) eta Arenys de Munt herriarekin nolabaiteko senidetzea bultzatzea, izen handiko Euskal Herriko, Kataluniako eta Letoniako begiraleak gurean izatea, alderdi politiko desberdinetako jendea elkarrekin lanean aritzea…
Pauso garrantzitsu bat eman dugu bai. Sinbolikoki aurrera eramandako ariketa demokratikoak badu bere garrantzia. Denok atera dugu ikasgaia prozesu honetatik. Herritarrok badakigu ez dugula zertan egon behar instituzio zein alderdien zain gure iritzia adierazteko. Ez badigute ahotsa ematen, guk geuk har dezakegula erakutsi dugu eta gainera alderdiek (kontsultaren alde edo kontra egon) ikusi dute ez dagoela herritarra geldiarazi lezakeen lege, konstituzio edo amejoramendurik. Gizartearen garaia da, herritarron garaia, erabakitzeko eskubidea lau haizetara zabaltzeko garaia.
Gure eskuak lotuko ditugu ekainaren 8an, Durango eta Iruñea arteko giza katean. Herri hau osatzen dugun gizon emakumeok beste hitzordu garrantzitsu bat dugu herri honen etorkizunarekin.
Etxarriarrak ere hor izanen gara! Gure esku dago!!!