Gure Esku Dago

Osane Leiza Urrestarazu eta Erkuden Barandiaran Goñi 2014ko api. 4a, 06:00

Hitz hauek elkarren ondoan behin baino gehiagotan entzun izan ditugu gure egunerokotasunean. Oraingoan baina, esanahi berezia hartu dute gutariko askorentzat.

Lehenengo Jon Maiaren gidoia daraman Gazta Zati bat ikusi genuen. Horrek nolabaiteko harra sortu zuen herritar askorengan. Eskozian izango den galdeketa ere, inbidiaz begiratzen dugu, Katalunian Diada arrakastatsuaren berotasuna sentitu genuen eta Euskal Herrian bizi dugun egoera berriak zerbait egiteko grina hori areagotu egin du.

Ez dakienarentzat jakin dezala, datorren ekainaren 8an Durango eta Iruña lotuko dituen giza kate bat osatuko dugula 50.000 euskal herritarrok. Herri gisa geure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula eta erabakia hartzea herritarroi dagokigula pentsatzen dugunok elkartu eta ariketa demokratiko hori martxan jartzea da gure asmoa. (ikus www.gureeskudago.net).

Horrela, Sakanan Gure Esku Dago lehenengo batzordeak sortzen hasiak gara, ekimen honetan ere, gure parte-hartzea oso garrantzitsua dela uste baitugu.


Euskal Herriko hainbat txokotan egiten ari diren bezala, erabakitzeko eskubidearen alde, pentsaera molde ezberdinetako herritarrak elkartzea dugu helburu. Horregatik, batzorde sortze horietan parte hartzera dei egiten dizuegu oraindik batzorderik ez duzuen herri horietako herritarrei, baina bereziki bakaikuarrak gonbidatu nahi ditugu berariaz, gaur, apirilak 4, auzoan 21:30ean egingo dugun bilerara. Ordura arte. Sakandarron garaia da!