Gaur, 17:00etan, Ihabarren hasiko da Arakilgo Gure Esku Dago ekitaldia. Ondoren, kalejiran abiatuko dira Hiriberrira. Haurrendako jolasak, musika eta dantza izanen da, festa giroan antolatu duten ekitaldian. Hark irauten duen bitartean ekimeneko kamisetak eta metroak erosteko aukera izanen da.
Giro ona izango da gaur arratsaldeko 17:00etan Ihabarren: haurrendako jolasak prestatu dituzte baita txokolate beroa ere, eta musika eta txalaparta ez dira faltako. Bi orduz festa giro polita izango da, Ihabarren. Ondoren, 19:00etan, kalejiran abiatuko dira Hiriberrira. Hiriberriko plazan musika egonen da, eta dantza saioa eskainiko dute, ondoren txistor jana egonen da. Arakilgo Gure Esku Dago ekimeneko antolatzaileak arakildar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera eta ekimenaren aldeko metroak eta kamisetak erostera.
Burundari 83. kilometroa dagokio
Festa giro alaian egin zuten aurreko ostiralean Burundako Gure Esku Dago ekitaldia Altsasun. Zubiondo abesbatzak eta Zangitu fanfarreak hasierako giroa alaitu zuten. Ondoren ekimeneko ordezkariek hartu zuten hitza eta bertaratutakoak animatu zituzten erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen ekimenean parte hartzera. Bukatzeko, Enrike Zelaiak jarri zituen bertaratutako guztiak dantzan, kalejira luze-luzean. Antolatzaileek kamisetak eta 83. kilometroari dagozkion metroak saltzeko deia egin dute.