Herritarrok badugu zer egin eta zer esan

Guaixe 2014ko eka. 6a, 09:43

Bakaikuko Gure Esku Dago batzordeko kide Erkuden Barandiaran eta Osane Leitza elkarrizketatu ditugu Beleixe Irratian (FM 107,3).

Zer da erabakitze eskubidea?
Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugula pentsatzen dugu. Eta herri bezala erabakitzeko, herritarrok zeresan handia dugula uste dugu. Beste hark esan zuena: politikoen eskuetan uzteko garrantzitsuegia da hau. Zeresana badute. Baina herritarrok badugu zer egin eta zer esan.

Gizarte arlo guztietara zabaltzeko aldarria da hemen dagoena?
Hau mugatua da. Baina badira halako aldarriak beste arloetan eskubide hori aldarrikatzen ari direnak: hondakinen kudeaketan, errepublikaren alde… Herritarra jabetzen ari da bere ahotsa garrantzitsua dela eta berak zer pentsatzen duen.

Zergatik zaudete batzordean lanean?
Beste lekuetan mugitzen ari zirela eta herrian bertan zerbait egin beharra zegoela somatu genuen, Sakanan bertan ez genuelako ezer entzuten. Informazio bilera egin genuen eta gero mugitzen hasi ginen. Garagarrilaren 8a gertu zegoen eta ibarrean ez zegoen mugimendurik. Bilbon eguberrietan jendea kamixetak ikusten ziren eta hemen ezer ez.

Zer harrera izan du ekimenak?
Oso ona. Alkate ohiek bilera deialdia egin zuten eta adin guztitako 80 bat bakaikuar elkartu ziren. Hasieratik harrera ona izan du.  
 
Egunerako oharrik?
Jende asko etorri behar duenez, 10:00etarako jende gehiena bere tokian kokatuta badago, hobe. Gosaria eraman nahi badute, hobe. Bestetik, Burunda aldetik giza katean parte hartzera joanen direnendako autobusak izanen dira. Bizikleta da da ibilgailu egokiena eta dagokion metroraino joan daiteke jendea. Autoekin ezin izanen da hori egin. Aparkatzeko prestatutako tokietan utzi beharko dira.

Eta eguna pasa ondoren, zer?
Argi dago 8a abiapuntua dela. Ziurrenik oporralditxo bat hartuko dugu. Baina udazkenean, berriz, indar hau guztia aprobetxatu egin behar da. Jende asko ekimen honetara biltzea, ezin da hori albo batera utzi, hemen bukatu. Ikusiko dugu zer etorriko den, baina lanean jarraituko dugu.