Etxarritik Euskal Herrira, Arbizuko bidetik

Apirilaren 13an independentziaren inguruko galdeketa egingo da Etxarri Aranatzen. Ziurenik zuetako askok gaizki ikusi dituzue “Navarra Foral y Española”k EZ bozkatzeko eskatzen jarritako kartelak, baina niretzat hori izan da albisterik pozgarriena: eztabaida handia galdu dute eta, orain, euren proiektua defendatzea baino ez zaie geratzen.

Zorionez Etxarri Aranatzen gutxi izango dira mezu honekin bat egingo dutenak eta, espero dut, baiezkoak gehiengo osoa izango duela. Espero dut, baina gustora hartuko nuke ere indpendentzia galdeketa batean ezezkoa, horrek erakutsiko duelako nor dagoen demokraziaren alde, nor dagoen galdetzearen alde, eta nor dagoen demokraziaren aurka, nor dagoen inposaketarekin jarraitzearen alde bozka ez dadin.

Ekainaren 8an metro bat dut gordeta Arbizun, Gure Esku Dagok egingo duen giza-kate erraldoian. Agian gehiegi emozionatu nintzen ekimena aurkeztu zenean eta han hartu nuen, kontuan izan gabe nirekin joango direnek zer egingo duten. Baina Gure Esku Dagok antolatutako giza-kateak, irailan Eskozian eta azaroan Katalunian izango diren galdeketek argi erakusten dute hurrengo urtetan erabakitzeko eskubidearen inguruan asko hitz egingo dela, hemen eta Europan. Hor ere, Europako Parlamentuan, jokoan dago demokrazia eta inposaketaren arteko eztabaidaren emaitza.

Durangotik Iruñeara joango den giza-katean Arbizun izango naiz, esan bezala. Etxarri Aranatzen egingo den demokrazia ariketa honen hurrengo geltokiren batean ere parte-hartzea gustatuko litzaidake, herri gehiagotan horrelakoak antolatzea. Irakurri dudanez hala izango da. Herri bat ez dagoelako gelditzerik. Gehienez ere Nafarroaren foraltasun eta espainiartasuna aldarrikatzea tokatzen zaie, orain, demokraziaren aurkakoei. Independentzia nahi dugunok gure helburua lortzea ere, gure esku dago.

Galder Gonzalez Larrañaga