Kintoak 2015

Hasi da kinto festa

Guaixe 2015ko ots. 5a, 09:06

Neskak eskean

Altsasuko 2015eko kinta 60 kintoz osatuta dago; 31 neska eta 29 mutil. Aitor Lara izango da erregea, Iosu Apestegia erregeordea, Nerea Navarro erregina eta Idoia Jimenez erreginordea. Atzo, Santa Ageda bezperan, meza elizkizuna izan zuten eta irteeran zortzikoa dantzatu zuten, baina euren benetako ospakizunak gaur hasi da, Santa Ageda egunean.


Azken bi urteetan bezala, aurten ere neskek eta mutilek batera ari dira eskatzen Santa Ageda egunean. 60 opil prestatu dituzte, kinto eta kinta bakoitzak berea, eta adostutako tokietan jasoko dituzte, ez nesken etxeetan, lehen egiten zen bezala. Erregea, erregina, erregeordea eta erreginordea joanen dira opilak jasotzera, aurten botero lanak eginen dituen Angel Vergararekin eta txistulariekin, eta tortak jasotako tokietan jota eta porrusalda dantzatuko dute. Ateratako guztiarekin 5 eguneko ospakizuneko bazkariak, afariak eta beste estaliko dituzte.

Jakina, Altsasuko zortzikoa neskek eta mutilek dantzatuko dute. Gaur hasiko dira eta arratsaldero, astelehenera bitartean zortzikoa dantzatuko dute plazan. Juan Cruz Bengoetxea “Piloto” eta Andoni Beramendirekin aritu dira zortzikoa, jota eta porrusalda ikasten. Bestalde, egun handietarako jantziak prestatzen lan handia egin dute kintoek, euren senitartekoek eta Altsasuko bordatzaileek eta artistek. Baserritar jantzia neskek, eta praka eta alkandora txuria mutilek, kaikuarekin, txapelarekin, bularra gurutzatzen dien zapiekin, zintaz apaindutako makilarekin eta eskean aritzeko zilarrezko erretiluarekin.

Santa Ageda egun handian ere zilarrezko eta urrezko ezteiak bete dituztenek kintada ospatuko dute. Eguraldiagatik, platinozko ezteiak bete dituztenek larunbatera atzeratu dute ospakizuna. Haiek bezala, gainontzeko kintada guztiak etzi, larunbatean gehituko dira ospakizunetara. Aurreko urteetan ez bezala, aurten kintada batek berak ere ez du udal azpiegiturarik eskatu bazkaria herrian egiteko.