Etxarriko kintoek gaurko afariarekin hasiko dituzte kintoen ospakizunak, baina aurretik Gizakunde, Andrekunde eta Garikunde ihote ospakizunetan eskean ibili dira, eta ateratakoarekin afaltzera bildu izan dira. Aurten 14 kinto daude: Irati Alzelai, Nerea Riego, Nerea Igoa, Nahia Larraza, Oihan Karasatorre, Beñat Araña, Jurgi Kintana, Asier Estarriaga, Izai Mauleon, Jon Razkin, Julen Etxabarri, Joanes Bakaikoa, Mikel Arratibel eta Saioa Araña.
Gaur Iturri-Eder jatetxean bapo afaldu eta gero, kinto zaharrekin batera Tolosara joango dira parranda egitera. Autobusa Arbizuko kintoekin partekatuko dute. Bihar goizean bueltatu eta gero, baserritarrez jantzi, eta kintoek etxez etxeko eskeari ekinen diote, musika lagun mozorrotuen segizioa ondoan dutela. Bordan bazkaldu ondoren, arratsaldean, kalejira ere eginen dute eta parranda ordu txikietara arte luzatuko da. Bestalde, San Kiriko, San Adrian eta Ama Birjiñaren egunean Dantzakia dantzatuko dute aurtengo kintoek.