Aurten 5 bakaikuar dira kintoak, baina 4 bilduko dira ospatzera: Mikel Galarza, Olaia Pozueta, Ibai Senar eta Nerea Zelaia. Baina Santa Ageda kinto zaharrekin eta kinto-gazteekin ospatuko dute, eta 11 neska-mutiko bilduko dira festa egunak primeran ospatzeko asmoarekin.
Gaur Bakarrekoetxea elkartean bilduko dira bazkaltzera, eta arratsaldean poteoa eginen dute, musikaz lagunduta. Fabriketara eskera joateko aprobetxatuko dute. Atzera ere elkartean afalduko dute eta ondoren parrandaren txanda helduko da. Larunbatean goizean jarri dute hitzordua, musika lagun, etxez etxeko eskea egiteko. Herrian jasotakoarekin Legorretako sagardotegi batera joanen dira bazkaltzera eta parranda Altsasun eginen dute.
Kinto ospakizunak domekan despedituko dituzte. Elkartean afari-merienda eginen dute eta oraindik ere parrandarako gogoa dutenek azken ahalegina egingo dute.