Bost kinto dira aurten Urdiainen: Gaizka Ocaña, Xabi Larunbe, Migel Machado, Maialen Unanua eta Aritz Irigoien. Haiei kinto gazteak, zaharrak eta beti kintoak batuta, 25en bat bilduko dira Santa Ageda ospatzera. Igandera bitarteko bazkari eta afariak herrian egingo dituzte, Kaluxan eta Mareon.
Gaur bazkaltzera bilduko dira. Ondoren, trikitilarien laguntzaz etxez-etxe axuri baten zozketarako txartelak saltzen ariko dira. Lanak egin ondoren afaltzera joanen dira eta parrandarako tartea ere izanen dute. Bihar, larunbatean, gosaldu ondoren, Urdiaingo baserrietara joko dute eskatzera, eta bertan jota eta porrusalda dantzatuz eskertuko diete baserritarrei euren laguntza. Altsasun pote batzuk hartu ondoren, Urdiainera itzuliko dira bazkaltzera. Larunbatean ere Urdiaingo gainontzeko kintadak bazkaltzera edo afaltzera aterako dira, eta jai giro ederra izanen da herrian. 25. urteurrena betetzen duen kintak, esaterako, zortzikoa dantzatuko du larunbatean plazan.
Domeka eguerdian, kintoek eta kinto gazteek zortzikoa dantzatuko dute Urdiaingo plazan (ikus Guaixeko 11 galderak). Horretarako zortzikoa entseatzen eta ikasten aritu dira Ipi Zelaiarekin. Bazkariaren ondoren erronda egingo dute, eskean, eta afariarekin despedituko dute festa.