Bost dira aurten kintoak Iturmendin: Iñigo Galarza, Aritz Gabirondo, Eneko Lopez, Sarai Aramendia eta Marina Arbizu. Baina kinto-gazte eta kinto-zaharrekin batera 20 bat iturmendiar bilduko dira kintoen festa ospatzera. Gaur Aritzaga elkartean afaltzeko elkartuko dira eta, ondoren, Serguei DJ-k jarriko dizkien doinuekin parranda bikaina egiteko aukera izanen dute.
Larunbatean, berriz, goizeko 10:00etan bilduko dira elkartean gosaltzera. Ondoren, bonboak eta herriko trikitilarien eta pandero-joleen doinuek iragarriko dute haien presentzia, hala ibiliko baitira etxez etxe, eskean. Erronda egin ondoren, elkartean bazkaldu eta karaokean kantatuko dute. Afaldu ondoren, parranda Altsasun jarraituko dute.