Kinto ospakizunetan, goiztiarrenak kinto olaztiarrak izanen dira, gaur hasiko baitira Clinkerren eginen duten afariarekin. Aurten hamaika kinto daude: Asier Cruz, Asier Vicente, Iñigo Bujanda, Ainhoa Martinez, Irune Mendieta, Lide Agirre, Izaskun Anton, Kepa Galbete, Naroa Barriga, June Ezeolaza eta Itsaso Mendoza.
Bihar, Santa Ageda egun handian, 9:30erako kalean izanen dira, enpresa eta etxeetan eskatzeko prest. Langintza horretan txaranga baten laguntza izanen dute. Hala ibiliko dira 11:00etan gaztetxera gosaltzera joan arte. Ondoren, eguerdiko mezan izan ziren eta segidan opilak banatu dizkiete alkateari, medikuari, apezari eta herriko gazteenari eta adinduari. Jatetxean izanen dituzten bazkariarekin eta afariarekin osatu dute eguna.
Etzi, berriz, bazkaltzera bilduko dira. Txaranga lagun, herrian barna ibiliko dira afal garaira arte. Ondoren, 22:30ean gaztetxean dagoen kontzertura –Aberri Txarrak, Altxatu eta DJ Bul– joanen dira. Etzidamu, larunbata, txarangaz lagunduta eskean hariko da hamaikakoa. Olaztiko kintada guztiak batuko zaizkie ospakizunetan. Bazkari eta afari potoloen txanda izango da. Parranda ordu txikiak arte luzatuko da Olaztin eta plazan dantzaldia izango da Alaiki taldearekin (20:00etik 22:00etara eta 00:00etik 03:00etara). Eguraldi txarra eginez gero, dantzaldia frontoian izanen da. Kintoek euren ospakizunak domekako bazkariarekin despedituko dituzte.