1.Urdiaingo kintoak, kinto gazteak eta kinto zaharrak Urdiaingo zortzikoa entseatzen harrapatu ditugu. Noiz dantzatuko duzue?
Kintoak: Igandean, Santa Ageda ospakizunetan, 12:30 edo 13:00 inguruan, meza eta gero, plazan. Javier Zelaia “Ipi”-k irakasten digu zortzikoa. Aurten 5 kinto gara, 4 mutil eta neska bat, eta kinto zaharrak eta kinto berriak kontuan hartuta guztira 25 neska-mutikok ospatuko dugu festa. Zortzikoa kintoek dantzatuko dugu, eta baita animatzen diren kinto zaharrek eta kinto gazteek ere.
2.Zenbat denbora ematen duzue zortzikoa ikasten?
Kintoak: Errege egunaren ondoren hasi ginen. Astelehenetan, ostegunetan eta ostiraletan entseatzen dugu, 7:45ean.
3.Gainera zuzeneko musikarekin entseatzen duzue, txistulariekin.
Antton: Aurten bai. Txistulariak prest gaude. Talde polit bat gaude Urdiainen, 15 txistulari, herri txiki bat izateko asko. Lau taldetan aritzen gara.
4.Zer moduz moldatzen dira mutikoak zortzikoarekin?
Ipi: Ondo, ez dago gauza hobeagorik borondatea izatea baino. Nahi dutelako etortzen dira, ez dute obligaziorik. Kinto gazte, kinto eta kinto zahar izan nintzenean, nik 3 urtetan dantzatu nuen. Urteak egon dira zortzikoa ateratzeko gaizki ibili direnak. Nik zortzikoa irakasten dudanetik, duela 15 urte, harrezkero mutiko guztiek ikasten dute. Eta zortzikoaz aparte, jota eta porrusalda ere bai. Konpromisoa hartu zuten eta denek ikasten dute. Neskek jota eta porrusalda dantzatzen dute eta normalean aurretik badakite.
5.Kontentu etortzen zarete ikastera edo derrigortuta?
Kintoak: Guztiok ikasi nahi dugu, eta polita da gure ohitura eta kultura mantentzeko.
Ipi: Urdiain oso ongi portatzen da kintoekin, axuriaren boletoak erosten, dirua ematen… eta zortzikoarekin kintoek hori guztia eskertzen dute.
6.Zenbat zati ditu Urdiaingo zortzikoak?
Ipi: Agurrez aparte aurrekaldeko pausu motzak bi zati ditu, atzekaldeko pausuak beste bat eta aurrekaldeko pausu luzeak beste bat. Ez da zaila. Tartean halako protokolo bat dauka, detaile txiki batzuk, horiek jakin egin behar direlarik dantza polita egiteko: aurreko agurra, ardo emateak, neska sartzeak mutil tartetan eta abar.
7.Altsasuko zortzikoarekin antza dauka?
Antton: Bai. Urdiainen 3 estrofa dira, eta Altsasukoak beste puska bat gehiago dauka. Gure azkeneko zortziko hori beste modu batera da Altsasun. Bi estrofa ezberdin ditu eta guk bezala zortzikoa beharrean beste melodia bat dute, zortziko melodia beharrean beste erritmo bat. Antzekoa. Doinua antzekoa da.
8.Igandean dantzatuko da zortzikoa, plazan. Eta eguraldi txarra egiten badu?
Ipi: Behin arraso busti ziren baino nahiago izan zuten plazan dantzatzea. Beste grazia bat du. Duela 3 urte frontoian egin behar izan zen, eguraldiagatik. Ikusiko dugu.
9.Zergatik hasi zinen zortzikoa irakasten Ipi?
Ipi: Niri Inazio Izagirrek erakutsi zidan zortzikoa eta beti gustatu izan zait zortzikoa dantzatzea, San Pedrotan eta. Duela 15 urte kintoak zuzen etorri zitzaizkidan zortzikoa erakusteko eskatzera. Ordutik urtero etortzen zaizkit eskatzera eta nik baietz erantzuten diet; gustura egiten dut. Orain, gainera, txistua jotzen dut.
10. Nola ospatzen dituzue Santa Agedako kinto festak Urdiainen?
Kintoak: Ostiralean bazkaltzera biltzen gara eta arratsaldean axuria zozketatzeko boletoak saltzen ditugu. Jendea oso ongi portatzen da eta normalean boleto guztiak saltzen dira. Igandean, zortzikoaren ondoren zozketatzen dugu axuria. Larunbatean baserrietara joaten gara eskera. Han jota eta porrusalda dantzatzen dugu eta gero pote batzuk hartzen ditugu Altsasun. Bazkaltzera Urdiainera etortzen gara. Gero parranda egiten dugu Urdiainen. Igandean zortzikoa dantzatzen dugu. Ondoren, bazkal aurretik, herriko goiko partean eskean aritzen gara eta, arratsaldean, herriko beheko aldean. Gogoz gaude, egun politak izaten dira.
11. Ongi pasa dezazuela zuek eta Urdiaingo kintada guztiek.
Denok: Eskerrik asko!