10 kinto bilduko dira euren festa ospatzera: Haritz Nazabal, Iosu Mendiola, Dario Moreta, Saioa Estanga, Maialen Zelaia, Julen Maio, Mikel Enriquez, Intza Insausti, Gari Satrustegi eta Nekane Garcia. Gaur, ostiralarekin, afaltzera bilduko dira Polikiroldegian eta gero parranda egingo dute herrian bertan. Bihar ihote ospakizunetan parte hartuko dute kintoek, baina bakoitzak bere koadrilarekin. Igandean, berriz, goizean jarri dute hitzordua. Trikitilarien laguntzarekin etxez etxe diru eskean ibiliko dira kintoak. Herriko jatetxeetan bazkaldu eta afalduko dute, eta gauean Tolosara joango dira.
Astelehenean bazkaltzera bilduko dira. Gaueko afariaren ondoren, atzera ere Tolosara joango dira autobusez, kinto etxarriarrekin batera. Asteartean, bazkaldu ondoren, inauteri egitarauaren barruan haurrendako jolasak antolatuko dituzte kintoek eta amiñ handia eta attun txikia erreko dituzte. Ondoren, herri afaria prestatuko dute eta eguna Altsasun edo Etxarrin despedituko dute.