Urteko bigarren maiatza jasoko dute bakaikuarrek gaur. 15:30 aldera jarri dute hitzordua maiatza behar bezala prestatzeko. Maiatza plazan jasotzeko lanei 18:00etan helduko diote bakaikuarrek. Behin enborra zutituta auzatea izanen da elkartearen atean. Hura despedituta Iraunkor abesbatzak kontzertua eskainiko du elizan. Bakarrekoetxea elkarteak eta Bakaikuko Gazte Asanbladak antolatu dute guztia. Garai batean San Juanetik Santiago egunera egoten zen maiatza Bakaiku erdian zutik. Orain, ordea, festak pasa arte izanen da zutik.
Astelehenean, berriz, 20:00etan auzoan trikitilariek girotutako auzatea izanen da. Jakina, suak piztuko dituzte bakaikuarrek iluntzean. Asteartean, 13:00 aldera auzatea izanen da akordioilariekin. Jubilatuak bazkaltzera elkartuko dira. Eta txikienendako, 17:00etatik aurrera, opilak banatuko dira eta puzgarria izanen da.