Asteko lehen bi egunetan San Juan ermitara bitan joanen dira dorrobarrak. Gaur, 19:00etan bezperak izanen dira eta arrosarioa eta meza izanen dira. Elizkizuna eta gero, kontzejuak auzatea eskainiko du, ardoa, gazta eta ogia banatuz. Hangoak despeditu ondoren herrirako bidea hartuko dute dorrobarrek baina denak ez dira etxera iritsiko. Izan ere, txikienen eta gaztetxoenen gurasoak autobus geltokiko zabalgunean sua prestatuko dute haren gainean saltoka ibiltzeko. Merendu-afaria ere han bertan eginen dute sutan prestatutako jakiekin.
Bihar, San Juan egunarekin, atzera ere, meza izanen da ermitan, eguerdian. Herri bazkaria ere izanen da. Dorraoko Kontzejuak herriko etxe bakoitzeko pertsona bat gonbidatuko du bazkarira. Bakarren bat gehiago joan nahi badu aurretik izena eman beharko du, baita ordaindu ere, jakina.