Altsasuko 2014ko kinta 44 kintoz osatuta dago; 19 neska eta 25 mutil, 2013an bezala. Aitor Lizarraga izango da erregea, Beñat Iglesias erregeordea, Maialen Misiego erregina eta Ainhoa Santano erreginordea. Gaur, Santa Ageda bezperan, meza elizkizuna izanen dute eta irteeran zortzikoa dantzatuta, Santa Agedan hasiko dira ospakizunak.
Aurreko urteko nobedadeari jarraiki, aurten ere neskek eta mutilek batera eskatuko dute, Santa Ageda egunean, bihar. “Denak elkarrekin aterako gara eskatzera, Santa Ageda egunean” adierazi digu Maialen Misiego erreginak, guztia prest dutela gaineratuta. Horretaz aparte, aurten 44 opil prestatuko dituzte, kinto eta kinta bakoitzak berea. “Opilak jasotzera adostutako tokietara joango gara, eta ez nesken etxeetara lehen egiten zen bezala” gaineratu du erreginak. Erregea, erregina, erregeordea eta erreginordea joango dira opilak jasotzera, boteroarekin. “Sabin Aramendia izanen da boteroa” azaldu digu Misiegok. Ateratako guztiarekin 5 eguneko ospakizuneko bazkari, afariak eta beste estaliko dituzte. Jakina, zortzikoa neska eta mutil guztiek dantzatuko dute. “Arratsaldero zortzikoa dantzatuko dugu plazan” dio.
Juan Cruz Bengoetxea “Piloto” eta Andoni Beramendirekin aritu dira zortzikoa, jota eta porrusalda ikasten, gauero. Festa hasteko gogoz daude. Jakina, egun handietarako jantziei azken ukituak ematen dabiltza denak. Baserritar jantzia neskek, eta praka eta alkandora txuria mutilek, kaikuarekin, txapelarekin, bularra gurutzatzen dien zapiekin, zintaz apaindutako makilarekin eta eskean aritzeko zilarrezko erretiluarekin.
Santa Ageda egun handian ere zilarrezko, urrezko eta platinozko ezteiak betetzen dituztenek kintada ospatuko dute. Gainontzeko kintada guztiak otsailaren 8an bilduko dira ospakizunean.
Altsasuko 44 kintoak
Maialen Misiego (erregina), Ainhoa Santano (erregina-ordea), Noelia Rendo, Ainhoa Rivero, Maitane Calleiras, Anne Claver, Amaia Abucide, Paula Clemente, Kristina Aldeano, Izaskun Martinez, Julene Ramos, Ainara Montoya, Ane Martinez, Nerea Martinez, Sonia Alonso, Oihane Armendariz, Lidia Santamarta, Amaia Jorge eta Ainhoa Alonso. Aitor Lizarraga (erregea), Beñat Iglesias (errege-ordea), Julen Goikoetxea, Ander Vinagre, Gorka Martinez, Jorge Misiego, Aitor Goikoetxea, Javier Ruiz de Erenchun, Julen Grados, Iker Guzman, Jorge Rivero, Hasier Aldaz, Jonatan Solis, Eduardo Benitez, Jon Etxeberria, Unai Garcia, Asier Palacios, Iñigo Tobar, Gaizka Lopez, Javi Guisado, Ekaitz Villa, Julen Mendia, Jon Otermin, Julen Hormeño eta Eneko Casteig.