Bost dira aurten kintoak Iturmendin: Iñigo Galarza, Aritz Gabirondo, Eneko Lopez, Sarai Aramendia eta Marina Arbizu. Baina kinto-gazte eta kinto-zaharrekin batera 20 bat iturmendiar bilduko dira kintoen festa ospatzera. Gaur, ostiralean, Aritzaga elkartean afaltzeko elkartuko dira eta ondoren Serguei DJ-k jarriko dizkien doinuekin parranda bikaina egiteko aukera izanen dute.
Larunbatean, berriz, goizeko 10:00etan bilduko dira elkartean gosaltzera. Ondoren, bonboa eta herriko trikitilari eta panderojoleen doinuek iragarriko dute haien presentzia, hala ibiliko baitira etxez etxe, eskean. Erronda egin ondoren, elkartean bazkaldu eta karaokean kantatuko dute. Afaldu ondoren, parranda Altsasun jarraituko dute.