Aurten 18 urte dituzten 10 kintok, 5 neskak eta 5 mutilek, ospatuko dituzte kinto ospakizunak Uharte Arakilen. Amagoia Hermoso, Itziar Martiarena, Ariane Razkin, Itsaso Ijurko, Ana Irigoien, Xabi Razkin, Migel Angel Sanchez, Ibon Perez, Mikel Beltza eta Jon Zambrano dira. Atzo, ostegunarekin, hasi ziren ospakizunak, iganderaino luzatuko direnak. Udalak mojen etxeko gela bat utzi die eta bertan lo eginen dute ospakizunek irauten duten bitartean. Atzo bazkaltzera bildu ziren eta etxez etxe eskean aritu ziren, baserritan. Gaur, ostiral goizean, fabriketara joanen dira eskatzera, eta ostiral arratsaldean eta larunbatean herriko kale guztietan eskatuko dute. Hamaiketakoak, bazkariak eta afariak Uharteko taberna eta jatetxeetan eginen dituzte, txandakatuz. Jakina, eskean aritzen diren bitartean musika lagun ibiliko da, trikitilarien laguntzarekin. Eta nola ez! bonboaren doinuak ezin dira falta. Jakina, ihote ospakizunekin bat egingo dute eta mozorrotuta ikusiko ditugu kintoak.