Bost kinto dira aurten Urdiainen: Unai Azkona, Alain Urrutia, Maialen Garlarza, Ane Razkin eta Nerea Berastegi. Haiei kinto gazteak, zaharrak eta beti kintoak batuta, 15en bat bilduko dira Santa Ageda ospatzera. Igandera bitarteko bazkari eta afariak Kaluxan eta Mareon eginen dituzte.
Gaur bazkaltzera bilduko dira, Kaluxan. Ondoren, trikitilarien laguntzaz etxez-etxe axuri baten zozketarako txartelak saltzen ariko dira. Lanak egin ondoren afaltzera joanen dira eta parrandarako tartea ere izanen dute. Bihar, larunbatean, gosaldu ondoren, eskean ibiliko dira. Urdiaingo baserrietara ere joko dute eskatzera. Afaldu eta gero ordu txikitaraino luzatuko dute parranda. Larunbatean ere Urdiaingo gainontzeko kintadak bazkaltzera edo afaltzera aterako dira, eta jai giro ederra izanen da herrian.
Domeka eguerdian, kintoek eta kinto gazteek, 6 mutikik guztira, zortzikoa dantzatuko dute Urdiaingo plazan. Horretarako zortzikoa entseatzen eta ikasten aritu dire Ipi Zelaiarekin. Bazkariaren ondoren erronda egingo dute, eta afariarekin despedituko dute festa.