Asteartean hasi eta bihar, igandean, despedituko dituzte Olaztiko aurtengo 13 kintoek Santa Agedako ospakizunak. Egun hauetan eskean aritu dira kintoak, txaranga lagun, eta Santa Ageda egunean, elizara joan etorria egin ondoren opilak banatu zizkieten alkateari, medikuari, apezari eta herriko gazteenari eta adinduenari. Baserritarrez jantzita eta mutilak apaindutako makila lagun, oraindik hiru festa egun dituzte aurretik, igandeko bazkariarekin despedituko baitituzte ospakizunak.
Aurtengo kintoez gain, bihar Olaztiko kintada guztiek ospatuko dute Santa Ageda. Aspaldiko herritarrekin biltzeko eguna da biharkoa. Plazan dantzaldia egongo da, 20:00etatik 22:00etara eta 00:30etik 3:30era Lisker taldearekin. Euria eginez gero, frontoian izanen da.