Igandera arte festako protagonistak izaten jarraituko dute aurtengo 44 kintoak. Aitor Lizarraga da erregea, Beñat Iglesias erregeordea, Maialen Misiego erregina eta Ainhoa Santano erreginordea. Santa Ageda egunetik, iluntzero, kinto eta kinta guztiak plazatik banaka-banaka pasatuko dira zortzikoa dantzatzeko, eta igandera bitartean horrela egingo dute. Aurten neskak eta mutikoek, guztiek batera eskatu zuten dirua Santa Ageda egunean, eta guztiek prestatu zituzten opilak. Kintoek aipatu lana egiten zuten bitartean, Sabin Aramendiak egin zituen botero edo zahatoa eramateko lanak.
Saldutako opil eta eskatutako diruari esker, guztira 13.904 euro lortu dituzte aurtengo kintoek, igandera bitarteko bazkari, afari eta festa egunak estaltzera bideratuko dituztenak.
Bestalde, Santa Ageda egunean zilarrezko, urrezko eta platinozko ezteiak betetzen dituzten kintadak ospakizunetara bildu ziren. Eta, bihar, larunbatean, herri guztia batuko da festara, nor bere kintadarekin bazkaltzeko elkartuko baita. Udalak bere azpiegiturak eskaini zizkien kintadei herrian bazkaltzeko, eta haietako hiruk eskaintza onartu dute. Horrela, 3 kintadako 90 pertsonek bazkalduko dute Burunda pilotalekuan. Bestalde, aurtengo kintoek dantzaldia antolatu dute plazan Ibai Berriak taldearekin, 23:30etik 3:00etara.