Lau kintok, hiru kinto zaharrek eta kinto zahar zahar batek ospatuko dute kintoen festa asteburuan Ziordian. “Aurten ez dago kinto berririk, eta horregatik 3 kinto zaharrekin batera kinto zahar-zahar batek ospatuko du festa, kintoekin batera” adierazi digu Irati Flores kinto zaharrak.
Gaur, ostiralean, Errekakartea elkartean bilduko dira zortzirak, bazkaltzera. Poteoan ibili ondoren elkartean bertan afalduko dute eta Altsasura hurbilduko dira parranda egitera. Larunbata izanen da egun handia. Eguerdi partean etxez etxeko eskea eginen dute, trikitilarien doinuak lagun dituztela. Elkartean bazkaldu eta poteoan ibili ondoren kinto ziordiarrek Altsasuko bidea hartuko dute, han afaldu eta parranda bertan despeditzeko. Ziordiko gainontzeko kintadek ere larunbata probestuko dute euren bazkari-afariak egiteko.
Domekan, guztiak bazkaltzera bilduko dira Ziordiko Urbasa tabernan. Arratsaldean poteoan ibiliko dira eta afaldu eta ondorengo parrandarekin despedituko dituzte ospakizunak.
Kintoak
Kintoak: Eider Saez, Ander Mendoza, Asier Ormazabal eta Unai Lasa. Kinto zaharrak: Irati Flores, Jaione Calvo eta Mirena Cristobal. Kinto zahar-zaharra: Ana Iturriaga.