Arbizuarrek bi egunetan ospatzen dituzte ihoteak. Aurten mozorro egunak 10 urte beteko ditu eta horregatik “10 urte eta kitto!” lelopean ospatuko dute mozorro eguna larunbatean. Giroa berotzeko 12:00etan aatea izango da. 12:30ak inguruan yoga klasetan dabiltzanek bi koreografia eskainiko dituzte, eta ondoren mozorro desfilearen txanda izango da. Koadrilak are gehiago animatzeko, aurten hobekien mozorrotutako koadrilak 100 euroko saria jasoko du, eta banaka hobekien mozorrotuko denak 50 euroko saria. 15:00etan herri bazkaria eginen da Aldabide elkartean. Jai giroarekin jarraitzeko, Argi Bidea elkartean musika egonen da, 20:00etatik 22:00etara eta 00:00etatik 02:00etara.
Bestalde, asteartean txatarren eguna ospatuko dute. Goizeko 11:00etan herriko gazteak eta haurrak pixkeet eskien aterako dira trikitixarekin. Arratsaldean, 17:00etan haurrendako jokoak eta jolasak egongo dira. 19:00etan txistorra jatea eginen da herriko plazan eta 20:00etan Arbizuko iyoteetako protagonista Aittun haundiya eta Amiñ txikiya erreko dituzte plazan. Txatarras janzteko deia egin dute antolatzaileek. Eguna agurtzeko, 21:30ean Aldabide elkartean herri afaria antolatu dute, kintoek prestatuko dutena.