Larunbatean Mantaguna ospatuko da Urdiainen, ihoteei hasiera emanez. Arpilerazko mantak edo zakuak soinean jantzita, ikusi ahal izateko bi zulo eginda, inguruan dituztenak zirikatu eta berotuko dituzte mozorrotuek. “Mantaguna guna, guna, guna, zakuan kunkuna” kantatuko diete.
Domekan momoxarro txikien txanda izanen da. Iluntzen duenetik, aurrera eta atzera ibiliko dira momoxarro txikiak, jendearen atzetik, haiek berotzeko asmoz. Horretaz gain, mozorro ezberdinez jantzita egongo dira txikienak. 20:00etan txokolatada izanen da Urdiaingo plazan, eta eguraldi txarra eginez gero, frontoian.
Momoxarro handien eguna astearte arratsaldekoa da. Momoxarroek korrikaldi ederrak eginaraziko dizkiete 18:00etatik aurrera, iluntzen duenetik aurrera, kooperatiba parean bilduko direnei. “Momoxarro xirrikiti xarro, esportero molinero, zaia janda putza gero, arre konpañero" kantatuko diete. Bestalde, sorgin afaririk ere izanen da asteartean.
Momoxarroak, bai txikiak bai handiak, goitik behera janzten dira, aurpegia bera ere estaliz. Hainbat itxura har dezakete: ardi-narruak dituzte batzuek, buruan txano konikoa jantziko dute besteek, ohe-estalkiak, farak eta beste. Arratsalde osoa mozorrotuta egon eta gero, 20:00etan aurpegiko tapakiak kentzea da ohitura.