Bakarrekoetxea elkartean bihar eginen den bazkariarekin hasiko dira ihote ospakizunak, 14:30ean. Majo bazkaldu ondoren, Bakaikuko Gazte Asanbladak kamarroz janzteko deiari erantzun diotenek euren transformazioa hasiko dute. Behin kamarro beldurgarriz jantzita, 18:00ak aldera etxez etxeko erronda eginen du segizioak, lehen lehenik trenbide aldera jaitsiz. Musika lagun, kamarroekin batera gurdia, golda eta suko hautsa barratuko dutenak izanen dira. Errondak parrandari emanen dio segida.
Asteartean, Bakaikuko gurasoek antolatuta, haurren ihotea ospatuko da. Eguerdirako mozorrotuta egonen dira bakaikuar txikiak. Jantziak lagun, jolasten ariko dira. Ondoren elkartean bazkalduko dute. Santa Ageda kantuan eta eskean bildutakoarekin ordaintzen da bazkaria. Arratsaldean, kalejira koloretsuak zeharkatuko du Bakaiku, plazan despedituko dena, txokolate beroa edanez.