Gaur mustuko da Altsasuko Inauteri Batzordeak Altsasuko 4 ikastetxeetako guraso elkarteekin batera antolatutako erakusketa: Altsasuko inauteriak. Iortia Kultur Guneak hartutako erakusketa martxoaren 9ra arte egongo da zabalik, astegunetan 18:00etatik 21:00etara eta domeketan 19:00etatik 21:00etara.
Ikasleen lanak
Inauteri Batzordeko Javi Bergarak adierazi digunez “urtero moduan guraso elkarteekin jarri gara harremanetan, eta ikastetxe bakoitzean inauteria gaia hartuta ikasleek egin dituzten marrazkiak, eskulturak eta beste izango dira erakusketan ikusiko direnak. Horretaz gain, Iortia mozorratuko dugu, zaku zaharrekin eta tresna zaharrekin”. Bergarak gaineratu duenez, Jose Manuel Herrero “Zapak” egindako 4 buruhandi jarriko dira erakusketan: akerra, maskarita, momotxorroa eta juantranposoa.
Mustutzea
Gaur, 18:00etan mustuko da erakusketa, Iortian. “Ekitaldian Inauteri Batzordekoek Altsasuko inauterietako pertsonaia guztiak eramango ditugu. Mozorrotuta gaudela, antzerki txikia egingo dugu, pertsonaiak zeintzuk diren eta haien ezaugarriak azaltzeko” azaldu digu Bergarak. Ekitaldi horretan bertan Inauteri Batzordeak 20123ko inauterietan grabatutako bideoa aurkeztuko du. Jakina, erakusketa auzatearekin despedituko da. “Haurrek eta gaztetxoek egindako erakusketa denez, freskagarriak, gominalak eta beste ez dira faltako” gaineratu du.