Bakarrekoetxea elkartean bihar eginen den bazkariarekin hasiko dira ihote ospakizunak, 14:30ean. Majo bazkaldu ondoren, Bakaikuko Gazte Asanbladak kamarroz janzteko egindako gonbitea onartu dutenek euren eraldaketa hasiko dute. Behin kamarro beldurgarriez jantzita, 18:00ak aldera etxez etxeko erronda eginen du segizioak, lehen lehenik trenbide aldera jaitsiz. Musika lagun, kamarroekin batera gurdia, golda eta suko hautsa barratuko dutenak izanen dira. Errondak parrandari emanen dio segida.
Asteartean, Bakaikuko gurasoek antolatuta, haurren ihotea ospatuko da. Eguerdirako mozorrotuta egonen dira bakaikuar txikiak. Jantziak lagun, jolasten ariko dira. 14:00ak aldera, elkartean, mahai inguruan, eseriko dira, bazkaltzera. Santa Ageda kantuan eta eskean bildutakoarekin ordaintzen da bazkaria. Arratsaldean, kalejira koloretsuak zeharkatuko du Bakaiku, plazan despedituko dena, txokolate beroa edanez.